Geroz eta gehiago dira jaten dutena nondik datorren jakin nahi duten herritarrak, garaian garaiko produktuak lortu nahi dituztenak. Honen aurrean, geroz eta jende gehiago ari da parte hartzen kontsumo taldeetan. Gipuzkoan, EHNEk bultzatutako 40 Basherri talde baino gehiago daude. Guztira 600 herritarrek baserritarrei zuzenean erosten dizkiete produktuak. Modu honetara, baserritarraren iraupena bermatzen da, gainera ekoizleak beren produktuengatik prezio duin bat jasotzea bermatzen da.
Basherri taldeen kopurua gehituz doa pixkanaka eta oraingoan Aieten (Donostian) talde berria sortzera doa. Taldea osatzeko bilera, apirilaren 17an egingo dute Aieteko Jauregian. 18:30etan hasiko da.
Aieteko talde berri honekin batera, Donostialdean badira beste talde batzuk: Antiguaotarrak I eta II (Antiguan), Aldatsa Baratza (Irun), Aitzbitarte eta Azabaratza (Errenteria-Orereta), Uztaro (Andoain), Usurbiltzen (Usurbil), Guardaplata (Bidebieta), Bare Alaia (Irun/Hendaia), Amarako taldea, Egiako Taldea...
Guztira 40 talde baino gehiago dira Gipuzkoako herrietan zehar: hau da, 600 herritar eta 60 baserritar baino gehiago daude sare honetan inplikatuta. BasHerri Taldeetan herritarren eta baserritarren jarrera kontzientea, aktiboa, kolektiboa eta arduratsua izatea proposatzen da, eta horretarako tarteka batzarrak egiten dira, besteak beste, baratzaren egoera jorratzeko, edo ekoizpenean izandako gorabeherak komentatzeko. Bilera horiez gain, baserritarrak astero berak ekoitzitako produktuz osatutako otar bat prestatzen du eta toki eta ordu zehatz batean taldeko kideei eramaten die. Baserritarrarekin adosten da otarraren edukia eta hileroko kuota. Otarretan garaian garaiko barazkiak, frutak, arrautzak, gazta, ogia, mermeladak... denetarik jaso daiteke, beti ere, inguruan dauden baserritarren arabera.